Garapen iraunkorra

Caradoc Jauregiko klinikaren iduriko, garapen iraunkorreko egitasmo batean sartzea kalitatearen eta performantziaren hobetzeko tresna da.

Erietxeak daraman garapen iraunkorreko egitasmoa ez da desmartxa bakan bat: alderantziz, erietxearen jarduera guziak hunkitzen ditu. Egitasmo hori, izaera orokorrekoa eta epe luzekoa izanez, Caradoc Jauregiko klinikak hartu norabide estrategiko nagusien azpian datza.

Egituraren garapen iraunkorreko egitasmoa eta artamenduen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko dinamika, baita arriskuen kudeaketa ere, azkarki lotuak dira. Alabaina, desmartxa horiek denboran molde berdintsuan garatzen dira, hobekuntza jarraikiaren printzipio nagusiak gidatu etapa berdintsuetan oinarrituz.

Ingurumenaren aldeko engaiamendua

Caradoc Jauregiko klinikak kasu ematen dio ingurumena zaintzeari, eta ingurumenaren alde duen engaiamendua irudikatzen duten ekintzak plantan ematen ditu, hala nola kontsumo ttipiko anpoilak erabiltzea.

Ekologikoki arduratsu diren erosketen politika

Ekologikoki arduratsu diren erosketen politika plantan ezartzea ingurumenaren zaintzearen parte da: hornitzaileen hautatzea, galtzeen ttipitzea, higatze materiala mugatzea -langileei gauzak ontsa erabiltzen erakutsiz-, ekipamenduen berritzeko beharrak aitzinetik ikustea, kalitate-iraunkortasun-kostu-energia kontsumo erlazio hoberenari buruzko gogoeta.

Hondarkinen bereizketa selektiboa

Artamenduetarik heldu diren hondarkinei doakienez, erietxeak bilketa eta tratamendu sare bereziak baliatzen ditu (DASRI zerbitzuaren segurtasunezko sarea). Hondarkin arrunten bereizketa ere egiten da, sukaldean: etxeko hondarkinen eta beirazko, plastikozko, metalezko (kontserbak) eta kartoizko hondarkinak bereizten dira.

Arkitektura egitasmoak

Caradoc jauregiko gunea berritzeko eta eraikitzeko egitasmoan, obrek ingurumenean duten eragina kontuan hartu da, ahal bezainbat ttipitzeko (ekosistemen zaintzea). Gaitasuna duten profesional batzuek erietxeko planoak luzaz gogoetatu dituzte, arkitektura egitura hoberena aurkitzeko xedez. Eraikin berriak energia kontsumoen optimizatzeko (isolamendu termikoa, jendea pasatzen den lekuetan argiak pizten dituzten presentzia detektagailuak...) eta langileen lanpostuen ergonomia hobetzeko pentsatuak dira. Zuzendaritzak sakonki gogoetatu du, eraiki egoitzek erabiltzaileei aisetasun hobea eta langileei kalitatezko laneko bizia ekartzeko gisan.

Gure hobekuntzaren segimendua

Klinikak ANAP erakundearen urteroko "Ene garapen iraunkorreko behatokia" inkestan parte hartzen du; inkesta hori nork bere diagnostikoaren egiteko tresna da, zeinari esker neurgailuak -zenbakizkoak edo ez- ateratzen baitira, eta non gure erietxeak garapen iraunkorrari doazkion 8 eremutan duen heldutasuna neurtzen baita. Horri esker, non gauden jakiten ahal dugu, gure saileko beste eragileekin konparatuz, eta hobetzeko pistak aurkitzen ahal ditugu.